Nere Amak Maite du izena, baina benetan maite al nau? Nork nau ni maite? Maite zaituen norbaitek nola egin diezazuke hainbeste min? Eta maite al dezakezu hainbeste min egiten dizun norbait? Ez al dago Ama gorrotatzea gaizki? Hala dirudi, baina horrek ez du nere barreneko gorrotoa ezabatzen. Gorrotatzeko maite behar da, gorrotoa bera maitasunetik eratortzen delako. Amak bere maitasunarekin babesten nau, baina maitasun hori nere kaiola da.
Lehenengo eskuizkribua irakurri nuenean, istorioan aurrera joan ahala, gero eta mantsoago irakurtzen hasi nintzen, ez bainuen amaitu nahi; Maitemina den etxe horretan pixka bat gehiago nahi nuen bizi, Julenek ireki zuen bere bizipenen leihotik denbora luzeagoz egon nahi nuen begira.
Bigarren aldiz irakurri dut, oraingo honetan jada argitaratua, eta gogoa berdina izan da: ez nuen amaitzea nahi. Idazteko era goxo eta liraina bada ere, jorratzen dituen gaiak oso sakonekoak dira: gurasoekin harreman gatazkatsua, norberaren identitatearen bilatzea, akatsak errekonozitu eta barkatzea (bai norberarenak, baita besteenak ere). Edonork ikus dezake liburu honetan bere burua eta bere bizitza.
Ez nuke erreseina hau amaitu nahi hau esan gabe: argitaletxeek ez dute liburu hau argitaratu nahi izan porque le tienen miedo al éxito.