Denek espero zuten nobela mardularen ordez, Silueta lan esperimentalarekin itzuli da Ibarbia. Bahiketa baten istorioa kontatu digu bertan. Ez du inor epel utzi; alde edo kontra, sotil edo suhar, denek nahi izan dute zerbait esan —“bazen garaia”, “aukera galdua”, “antidotorik gabeko maisulan pozoitsua” —, eta, hain justu, nobelaz idatzi diren 31 iruzkinek osatzen dute liburu hau, Silueta-ren silueta.
Bi eleberri batean: idatzitakoa eta idatzi gabea.
Baina eraiki liteke nobela bat hura irakurri gabe, sortu dituen oihartzunetatik abiatuz? Atzeman daiteke nobelaren arnasa inguratzen duten testuak soilik irakurrita? Jolas literario hori proposatu digu Harkaitz Canok, bidean gogoetarako leiho andana irekiz bidenabar; zer eskatzen diogun arteari, zer irakurleari, zer kritikari, zer hurbileko historiaren memoriari.
Izugarri gustatu zait. Kritika bakoitzarekin gai baten inguruan hausnartzen bukatu dut. Asko gustatu zait nola baliatu duen kritika bakoitza atzeko nobelari buruzko informazioa emateko, pixkanaka-pixkanaka, lehenago formari buruz jakin izan dugu eta beranduago tramari buruz. Jolasean sartu naiz eta kritika bakoitzaren atzean egon legokeen pertsona imaginatzera hausartu naiz. Eta galdera asko sortu zaizkit, hala nola, zein kritikak izan du pisu gehiago ustezko nobela irakurtzera bultzatu dutenak, aldekoek ala kontrakoek? Kritika desberdinetan euskalki desberdinak erabiltzea oso polita iruditu zait. Aipatzekoa da ere liburuaren azala, asko ez nuela liburua hain ongi laburbiltzen duen diseinu bat ikusten.
Ganberrada bat. Oso ona. 31 kritikoren azalean jartze hutsa, 31 pertsonaia horiek sortzea eta elkarrizketan jartzea -batzuek besteari erantzuten diotelako- bada nahiko jolas. Are gehiago, jada esan den bezala, existitzen ez den nobela bati buruzko testuak direnean. Kritiken bidez tramaren xehetasunak jakiten joatea, puzlea osatu beharra, bada amua aurrera egiteko. Baita 'ea kritiko honek zer arraio dakarren' moduko kuriositatea. Ustezko liburuan epilogoak polemika sortu bazuen, epilogo moduko azken ohar eta eranskinekin amaitzea ganberrada borobiltzeko modu ederra da.