Berekoiak izatea bezain berezkoa dute gizon-emakumeek bata besteaz arduratzea, nolabaiteko enpatia sentitzea; eta bi sentimendu horien arteko konbinazio eta joko amaiezinek taxutzen dute giza harremanen mapa zabal bezain konplexua. Guraso zaharrekiko erlazio mingotsak, seme-alaba txikienganako maitasun-loturak, senar-emazteen ohikotasunetik asperdurara bitarteko muga lausoa, maitaleen arteko xantaiak eta menpekotasunak, aspaldi ikusi gabeko horren itzulerak sortzen digun durduzamendua... Ipuingintzara itzuli da Karmele Jaio, eleberrietan ere bere trebezia erakutsi ondoren. Hamabost istorio dakarzkigu orain, kontakizun zuzen eta iradokorren bitartez, amodioaren ahulguneak nabarmenduz; arlo horretan nor ez da ahula baina?
Karmele Jaio Eiguren (Gasteiz, Araba, 1970eko martxoaren 19a - ) euskal idazle eta kazetaria. EHUn Informazio zientzietan lizentziatu eta gero, kazetari lana bete du hainbat idatzizko komunikabidetan, hala nola Euskaldunon Egunkarian edo Garan. Beste egunkari batzuetarako iritzi zutabeak ere idatzi izan ditu, Diario de Noticias de Álavan edo Deian esate baterako. Lehen argitaratu zuen liburua Hamabost zauri ipuin bilduma izan zen 2004an. Urte berean Igartza Saria irabazi zuen, Amaren eskuak eleberriaren proiektuagatik. Aipatutako eleberri hau 2006an kaleratu zen, hainbat sari jaso zituelarik: Zilarrezko Euskadi Saria, Zazpi Kale Saria eta Beterriko Liburua Saria. Amaren eskuak eleberriaren arrakasta ikusita, Jaiok berak gaztelaniarako itzulpena egin zuen, Las manos de mi madre izenburupean eta Ttarttalo argitaletxearen eskutik. Bere hurrengo lanetan ipuina eta eleberria tartekatu ditu. Horrela, 2007an Zu bezain ahul ipuin bilduma kaleratu zuen, eta 2009an Musika airean eleberria