Ibai bat, Amerikako Estatu Batuetako hegoaldeko bazter galdu batean, zehazten ez den garai ia mitiko batean. Horra eleberri labur bezain hipnotiko honen kokalekua. Eta ibaiaren ertzetan bizi den jendea: eztia biltzen duten nekazari zuri pobreak, ibaian bainatzen diren andre beltz mardulak, eta mundua bere magia guztian deskubritzen duen haurraren begiak, bizitzari nahiz heriotzari begira.
Estreinaldi ausarta egin du Oihane Amantegik literaturaren munduan: estilo pertsonal bat onduz, idazkera dotorean, kontakizun original bezain indartsua lortzeko. Urrunean entzuten den hegoalde sakoneko harmonika-doinu bat bezain liluragarri eta malenkoniatsua.
«Minaren filtrotik pasata gogoratzen dira paisaiak. Lausotu egiten dituelako minak formak, itxurak eta itzalak; beste dimentsio bat gehitzen dio ekuazioari: luzerari, zabalerari, sakonerari eta denborari mina gehitzen zaie.»
Liburu edarra, hasi eta amaitu arte ezin izan diot irakurtzeari utzi. Istorioan bete-betean sartzea lortu dot eta protagonistaren azalean jartzea oso erraza izan da, idazleak protagonistaren bizipen eta sentimenduak deskribatzeko moduagatik. Barne hausnarketa interesgarria egiten du Oihanek. Azken finean, heriotzaren gaia ume baten ikuspuntutik kontatua egoteak oso berezia eta goxoa egiten du kontakizuna bera. Bigarren baten zain gelditzen naiz, Ochlockoneeko paradisuan ez bada, munduko beste zirrikitu bateko altxor baten zain.