XXIII. mendean gaude. Mundu osoan milioi bat pertsona bizi dira, luxu eta ondasun guztiak eskura, inguruan beren zerbitzurako hainbat robot-gizaki dituztela, ez lanik, ez gaixotasunik, ez ardurarik gabe. Dena da lasaia eta gozagarria, izatez, baina badira lasai egon ezin direnak ere: horien artean Malthus, bizitza eroso horrekin deseroso, barruan borborka sumatzen duen botere-nahia nola ase ez dakiela.
Malthus apurka joan da deskubritzen mundu perfektu horren arrakalak eta gezurrak, baita historiaren martxa irauliko duen plan bat pentsatzen ere. Iritsi da plan hori gauzatzeko unea, urtetan landu duena. Gaurgero, Malthus ez da izango bere kideak bezalako ondobizi alfer bat, askoren arteko ale ordezkagarria, ezpada bere garaikideek gurtu eta geroak gogoratuko duen norbait: berezia, bizia eta boteretsua.
Lan bikaina egin du Asel Luzarragak mundu distopikoa, botere nahaia eta hedonismoa lantzen duen eleberri honekin. Malthus ezagutu dudan pertsonai gorrotagarrienetakoa izanda ere, hasiera-hasieratik harrapatu nau istorioa. Laburki esanda, oso interesgarria iruditu zait, eta, nire aburuz, etorkizunak ekarriko digunari buruzko hausnarketa pizteko modukoa. Irriketan nago genero honetako euskal literatura gehiago irakurtzeko :)
Hau ere patxadaz eta birritan irakurri behar izan dut. Ikaragarria. Sakona, deserosoa, filosofiaz beteta. Geruzaz geruza eraikia ematen du, idatzitakoaren izebergaren punta baino ikusten ez dudala sentiarazita maiz, generoaren mugak gaindituta -ohikoa ematen du egile honen liburuetan-, protagonista putakume liluragarria sortuta, hizkuntza eta tonua maisuki erabilita, eta amaiera biloak puntan uzteko modukoa. Hor iradokitzen dena baino ez gara gizarte honetan ere? Bitartean, liburuan iragartzen den munduaren atarikoan gu, ardiak hiltegira nola.