Amatasunarekin loturiko hainbat gai, normalean isilpean eta ezkutuan geratzen direnak agerira dakartza Alaine Agirrek, intentsitatez eta hunkiduraz idatziriko eleberri honetan: Lagundutako Ugalketa teknikak, horren ondorio fisiko eta psikologikoak, bikoteko batek guraso izateko besteak baino gogo gehiago duenean sortzen diren arrakalak, amarenganako errespeturik gabeko erditzeak, nahi gabeko abortuak eta horren doluak…
Egileak ohi duen indarrez eta pasioz kontatzen digu Sara Mendizabal protagonistaren ibilbidea, lirismoz eta musikalitatez, minetik edertasuna sortuz, gorputzaren barrutik unibertso oso bat eraikiz.
Gogorra, mingarria baina, aldi berean, oso ederra den eleberria Alaine Agirrek idatzitakoa. Amatasunaren ikuspegi oso ezberdinera gerturatzen zaitu; hainbestetan gertatutakoari eta izkutuan mantendutakoari.
Gogorra da oso, baina baita beharrezkoa ere. Oraingoz ama ez banaiz ere (ez eta horretarako saiakerik egin ere), miña barneraino iritsi zait. Guztiz gomendagarria, zalantzarik gabe.